Ruidos.org: la lucha contra el ruido
Índice de noticias sobre el ruido
Noticias de este mesNoticias del último mes

Bilbo, 14/9/2001

Uretako motorrak udan eta zinemako bolumena hirian, aisialdiko lasaitasunaren aurkako zarata iturri

Zinema modernoek ekintza pelikuletan erabiltzen duten soinu ozenegiak arriskutsutzat jotzen den neurria gainditzen duela eta, Adecavi elkarteak sentsibilizazio kanpaina jarri du abian

Udako oporrak lasaigarri gisa erabili nahi izaten diren arren, ohiko opor-lekuetan zaratak desiozko lasaitasuna hausten duela salatu berri du Adecavik, Euskal Herriko Herri zein Hirien Bizi Kalitatearen Defentsarako Elkarteak. Horren adibide dira uretako motorrak, aeroplanoak edota dantzalekuak. Etxean egonda, aisialdia aprobetxatzeko asmoz zinemara joan, eta bertan ere zarata handiegia dagoela salatu du elkarteak.Gehienentzat oporraldi garaia amaitu den garai hauetan eta oraindik eguneroko bizimodura egoki- tzen ari garenean, hiri handiko bizkortasuna oporraldiko lasaitasuna hausten hasia da. Bizkortasun zoro horrekin batera, estresa ere pertsona asko bereganatzeko lehen pausoa ematen hasia da, oraindik oharkabean izan arren.

Zarata izaten da hiriko estresaren eragileetako bat, eta estres hori hirian uzteko asmoz joan dira milaka pertsona oporrak kostaldean edo mendialdean pasatzera. Baina, deskantsatu al dute, benetan, gure belarriek aisialdi egunetan? Adecavik, Euskal Herriko Herri zein Hirien Bizi Kalitatearen Defentsarako Elkarteak, salatu berri duenez, gehienetan ez. Eta, zenbaitetan ahaztu egiten den arloa den arren, zarata ere kutsadura sortzen duen gaia da.

Konpondu ezineko lesioak
Izan ere, hainbat sendagilek ohartarazi dutenez, eraso akustikoak zenbait lesio fisiko sortarazten ditu, antsietatea eta estresa, esaterako. Kasurik adierazgarrienak egungo dantzalekuetan gertatzen dira, otorrino ugariren esanetan. Konponbiderik ez duten lesio ugari atzeman dira azkenaldian.

Arlo honetan, auzo-elkarte edota talde ekologistek orain arte zarata dela-eta eginiko salaketa gehienak bizilagunei enbarazu egiten dieten jarduera ekonomikoetan eta errepideen gisako azpiegituretan oinarritzen dira.

Opor egunak eguneroko jarduera estresante horietatik ihes egiteko erabili ohi dira, eta, oro har, lasaitasuna izaten dute helburu. Halere, jaiegunak direla-eta ohiko opor lekuetara jotzean ez dela desiratutako lasaitasun hori aurkitzen eta bertan ere zarata desatseginak jasan behar izaten direla salatu du Adecavik.

Izan ere, ustez gorputza eta burua deskantsatzeko aproposak diren lekuetan ere ez dira falta lasaitasun hori hausten dutenak, Euskal Herriko Herri zein Hirien Bizi Kalitatearen Defentsarako Elkartearen esanetan. Pentsatu besterik ez da, hondartzan bainatzen ari garenean uretako motorrek nola hausten duten desiratutako giro lasaia, edota eguzkipean gaudela propaganda egiten ari diren aeroplanoak nola igarotzen diren gure buru gainetik. Eta berdin hondartza alboan pisu bat alokatu eta azpian taberna edota diskoteka zaratatsuak egokitzen direnean ere. Horregatik guztiagatik, «oporrak igarotzeko turismo masifikaziotik urrun dauden kala ezkutuak edota paraje urrunetan dauden herrixkak hautatu dituztenek indar handiagoz bizi ahal izan dute bere buruarekin egoteko armonia, hori baita oporren helburu nagusia», Adecavi elkarteak azaldu duenez.

Oporraldia amaitu eta egunerokotasunera itzultzeko garaia iritsi da. Baina lanegunetan eta asteburuetan ere izaten dugu aisialdirako denborarik, eta hemen ere lasaitasuna izan ohi da bilatzen den arlo nagusietako bat. Zinema da denboralditxo horiek igarotzeko hautatzen den lekuetako bat. Baina, hau ere lasaitzeko leku apropostzat jotzen den arren, bertan eskaintzen diren pelikulek gehiegizko bolumena izaten dute elkartearen esanetan.

Zinemetako kutsadura akustikoa
Beraz, soinu ozenegi hori salatu berri du elkarteak, nahiz eta ez den zinemako bolumenaren inguruan egingo den ekimen bakarra izango, irailean hasita sentsibilizazio kanpaina jarri baitu martxan Adecavik. Soinu handiak emateko prestatutako sistema berritzaileak dituzten zinema modernoak eta akziozko pelikulak dira zarata horren eragile nagusiak. Ildo honetan, Adecavik azaldu duenez, edozein zinematan akziozko pelikulak ematen dituztenean, oihuek, leherketek, makinek eta efektu bereziek soinu dardaratiak sortarazten dituzte. Eta, pelikula horiek zinema modernoetan ematen dituztenean, produktoreek gomendatutako bolumenean ipintzen dituzte, eta, noski, oso ozena izaten da bolumen hori, pelikulan behar bezala murgildu nahian edo.

Ocu-Salud aldizkariak joan den otsailean dozena bat zinematan eginiko azterketa batek Adecaviren salaketa baieztatzen du. Aldizkariak ondorioztatu duenez, «zinemara zenbait pelikula mota ikustera joaten garenean 90,120 edo 150 minutuz eraso akustikoa jasaten dugu».

Aztertzaileek bost pelikula ikusi zituzten hamabi zinematan; pelikula horietatik hiru, haurrei zuzendurikoak, gainera. Zinemara sartu, butakan jesarri, eta beste edozeinek bezala entzun zuten pelikula, baina soinua neurtzeko aparailu bana eskuan zutela. Sonometroak pelikularen dezibelioak neurtu zituen emanaldi guztian zehar.

Batez beste, 69,2 eta 103,6 dezibelioren arteko soinua neurtu zuten ikertzaileek. Neurririk altuenak, berriz, 106,1 eta 122,1 dezibelioren artekoak. Oro har, bolumen mailari modu konstantean eusten zitzaion, baina, hala ere, pelikula guztiek jasaten dute, punturik gorenetan, arriskutsutzat jotzen den 90 dezibelioko neurria.

Azterketa berak jasotzen duenez, «pelikulen bolumena isiltzea komeniko litzateke, eta batez besteko neurria 75 dezibeliokoa izatea nahikoa litzateke». *

Aitziber LASKIBAR | BILBO

Más noticias de este mes | Último mes | Índice general de noticias
Página principal de ruidos.org