Bilbo, 13/08/2001 Tabernek eta diskotekek sortutako zaratak gogaitzen ditu gehien herritarrakHirigune zaratatsuek herritarren bizi kalitatea murrizten dute, Adecavi elkartearen ustez Tabernak, obrak, motorren zarata eta txakurren zaunkak hiriguneetako biztanleen bizimoduaren eguneroko ogi bihurtu dira. Kutsadura akustikoa edo zarata deritzo horri eta bizi kalitatea nabarmen murrizten du, Adecavi elkartearen iritziz. Elkartearen esanetan, zaratak jendea gogaituagatik, gutxi dira salaketa aurkezten dutenak, nahiz eta azkenaldian gehiago diren, ohartarazi zuen Adecavik. Bestalde, agintariei egiten die dei hiri lasaiagoak izateko neurriak har ditzaten.Gazteen asteburuetako aisialdiaren topagunerik gogokoenak izateaz gain, tabernak eta diskotekak dira zarataren eragile nagusiak euskal hiriguneetan, edo gutxienez kutsadura akustikoagatik salaketa gehienak sortarazten dituztenak.Ez dira, ostera, zarataren iturri bakarrak. Etxeetan zein kaleetan egiten diren lanak ere gogaikarriak izaten dira jende askorentzat. Obretako zarata murriztu edo desagertarazteko, baina, ezer gutxi egin daiteke, gauean egiten ez badira, edo beharrezko baimena baldin badaukate, behintzat. Adecavi elkartea duela hiru urtetik ari da kutsadura akustikoa desagertarazteko lanean buru-belarri. Haren ustez, gaurko gizartean zarataren arazoa gero eta larriagoa da, jende ugarik jasan behar baititu honen ondorioak. Ibilgailuak, gaueko ordu txikietako ostalaritzako guneen musika, txakurren zaunkak eta kaleetako lan amaitezinak gero eta arruntagoak dira, baina ohiko izateak ez ditu jasangarriago bihurtzen. Elkarte horren arabera, gizartea ohitzen ari da zarata artean bizitzen eta bizi kalitatea nabarmen murrizten da horren ondorioz. Horren eraginez, jende askok leku apartatuetara jotzen du lasaitasun apur baten bila. Adecavik jakinarazi zuenez, elkarte honek bizpahiru dei jasotzen ditu egunero. Zaratak jasateaz nazkatuta dauden lagun horiek prest daude ostalari eta txakur edo motor jabeak legearen aurrera eramateko. Elkarte hori abokatu, arkitekto eta ingurumen biologo batek osatzen dute eta kutsadura akustikoaren inguruko ikerketak eta sentsibilizazio kanpainak egiteaz gain, aholkuak ere eskaintzen dizkiete zaratak gogaitutakoei. Adecavik Bilbon dauka egoitza eta hiriburu hau benetan zaratatsua izan arren, biztanle gehienek honen inguruan ez dutela sekula kexarik aurkeztu azaldu zuen. Izan ere, Bilboko Udalak aurkeztutako txostenaren arabera, bilbotarren erdia baino gehiagok ez du kutsadura akustikoa jasaten. Zarata egiteagatik zigortuak direnak ere gutxi dira, Adecaviren iritziz. Alfonso Treceño abokatu eta elkarte honetako kidearen berbetan, «zigorren kopurua handitzen ari bada ere, oraindik eskasak dira, agintari publikoek ez diotelako herritarren eskaerari behar legez erantzuten», adierazi zuen. Tabernen ordutegiak murriztutaBilboko Udalak zarata murrizteko iazko Aste Nagusian hartutako neurriak tirabirak sortarazi zituen. Zenbait auzokideren eskaeraz, tabernak eta txosnetako ordutegia murriztu zuen Udalak. Horrek, baina, jaiez gozatzen ari zen jendearen haserrea piztu zuen.Hala, zarata gehienaren sortzaile tabernak eta diskotekak direnez, agintarien irtenbidea zigorrak ezarri eta guneak ixtea izaten da. Ondorioz, Adecaviren aburuz, zarata jasan ezin duen jendea gero eta salaketa gehiago jartzen hasi da. Bestalde, Treceñoren ustetan, «aurrerapausoak ematen ari gara, baina oraindik bide luzea dugu Europako beste herrialdeetako lasaitasuna lortu arte».
Más noticias de este mes | Último mes | Índice general de noticias |